Universitario Bilbao Rugby taldeko neskek Domiberiako errioxarren aurka jokatuko dute 2019ko azken partida, Fangoko zelaian. Aurkaria zortzigarren posizioan dago, eta aurreko jardunaldian Bera Berako donostiarren aurka irabazi zuen.

Bilbotarrek ondo bukatu nahi dute 2019a, noski, eta taularen goiko aldean jarraitzeko aukera emango dien garaipena lortu. Carlonen jokalariak bosgarren daude orain, lau garaipen eta beste lau porrot bilduta.

Aurkariak sailkapenean beherago badaude ere, kontuan izan behar da errioxarrak talde langile eta ordenatua direla, eta erdilari pare bikaina daukatela. Beraz, UBRkoek gogor borrokatu beharko dute etxeko garaipena.

Topaketaren inguruan daukagun zalantza nagusia joko modalitatea izango da, hau da, XII edo XV izango den; izan ere, talde bietan izandako bajak direla eta, ez dakigu larunbaterako jokalari nahikorekin helduko diren. Beraz, azken unera arte ez da jakingo era batera edo bestera jokatuko den.

Edonola ere, argi dagoena da bizkaitarrak orain arteko bidetik eusten saiatuko direla, beren zale guztiekin batera urte amaierako garaipena ospatzeko.

UBR vs Domiberia R.C. Rioja. / Emakumezko Euskal Liga  – 9ª Jardunaldia.

Abenduak 21. 12:00etan / Errekaldeko Kiroldegia . Bilbo.

GORA UBR!!