Gernika RT hobe batek argi eta garbi garaitu zuen Universitario taldea.

Fede Sánchezen gizonek indarrak ahitu arte egin zuten borroka, baina ezin izan zuten ezustekoa egin, lehen itzulian Urbietan gertatu zen bezala.

Oraingoan bilbotarrek argi galdu zuten (10-47) basurdeen aurrean, gernikarrek beren kalitate eta aurrekontu handiagoaren emaitza erakutsi baitzuten.

Gernika RTk ondoz ondoko bederatzi garaipen zituen lortuak Fangora iritsi aurretik, eta, beraz, argi zegoen basurdeak ez zirela arerio erraza izango.

Uni Bilbaok, gutxienez, duintasunez hasi zuen partidua, ezustekoa egin nahian. Partiduko lehen hamar minutuak igaro ondoren, abantaila lortu zuen markagailuan, lehen eta azken aldiz, Jarianen zigor-kolpe bati esker. Hala ere, ameskeria horren ondoren, bestelako panorama ikusiko zen.

Une horretatik aurrera, hiribildukoek arrabola zabaldu zuten, aurrelariak nagusitu egin baitziren, eta, abantaila horri esker, beren abiadura ustiatzen ere asmatu baitzuten hiru laurdeneko lerroan.

Atsedenaldian, garbi islatzen zen bisitarien nagusitasuna markagailuan: 3-28.

Egoera bera izan genuen bigarren zatian, Gernika jokaldi guztietan nagusitzen baitzen, eta tantoak gehitzen baitzituen markagailuan.

Alabaina, etxekoek ez zuten amore eman, eta, zoritxarra gorabehera, entsegu bat lortu zuten azken orduan. Horrek, nolabait, saria ematen zion taldeari, Ohorezko B Mailara itzuli den urtean sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen baitu, 6 jardunaldi falta direla.

Fangon izandako talkaren amaieran, 10-47 azaldu zen markagailuan, planen barruan zegoen emaitza. Izan ere, hurrengo astean Gaztedirekin lehiatuko dira, eta, neurri handi batean, partidu hori erabakigarria izan daiteke bilbotarrek mailan irautea ziurtatzeko.

Universitario Bilbao Rugby 10 vs Gernika RT 47.  /  Ohorezko B Maila. 16. Jardunaldia.

 GORA UBR!!