21-22 denboraldiko bosgarren jardunaldian denboraldiko lehen derbia izango dugu Errekalden, Getxo RTk egingo baitigu bisita El Fangon.

Kanpoko taldea izango da faboritoa derbian, gaur egungo sailkapenean Getxo RT laugarren postuan dagoelako, hiru garaipen eta porrot batekin; Valtecsa UBR, berriz, multzoaren erdialdean dago garaipen bat, bi porrot eta berdinketa batekin, oraingoz aukera guztiak zabalik dituela.

Bizkaiko kostaldeko taldea mailaz igotzeko hautagaietako bat izango dela dirudi. Joan deneko jardunaldian, Belenosen aurkako porrota alde batera utzi zuen Gaztediren aurka partida bikaina jokatuta; daukan maila eta talde moduan zelaian gauzatutako lan ona erakutsi zituen.

Bilbotarrek, aldiz, azken bi jardunaldietan ez dute aldeko emaitzarik lortu, baina okerreko dinamika hori hausteko lanean tinko aritu da bai talde teknikoa eta bai jokalari taldea bera, eta Getxoren aurka, kanpotarrak faboritoak izango direla jakinda ere, ahaleginduko dira daukaten maila erakusten eta larunbat honetan El Fango beteko duten zaleei poz ederra ematen.

Valtecsak norgehiagoka irabazi ahal izateko gakoak izango dira akatsak murriztea, kontzentrazioa eta defentsako bizitasuna, aurkariak bere jokoa egitea ekiditen saiatuta.

 

   Ohorezko B Maila –   Valtecsa UBR  vs Getxo RT – Errekaldeko Kiroldegia – 16:00etan.

 

 

GORA UBR!!