Talde asturiarrak garaipena lortu zuen Valtecsaren aurka. Belenosek hasiera-hasieratik utzi zuen argi, igoera-faserako sailkapena eskura izan arren, ez zela soilik bisitan iritsia Bilbora.

Norgehiagokaren hasieran, bisitariek ondo jo zuten lehen ekintzetan eta, hamar minutu baizik igaroak ez zirela, aldea lortu zuten markagailuan.

Esku-joko bikainari, hiru laurdenekoen lerroaren lan onari eta igoeretan asmatutako saioei esker, Aviléseko taldeak argi menderatu ahal izan zuen partida.

 

Pixkanaka bilbotarrak aurkariaren marka-marratik azaltzen hasi ziren, eta ordu laurdena igaro aurretik lehen entsegua lortu zuten, norgehiagokari beste itxura bat emanez.

Valtecsak partidaren dinamika apurtzea lortu zuen, fase estatikoetan nagusituz eta jokoa bereganatuz. Alabaina, aurkariek baloia eskuratzen zuten bakoitzean puntuak lortzen zituzten.

Bilbotarrek ez zuten partidan amore ematen, baina Belenosek zuen agintea, eta 14-42ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

                                                                                                        

Aldageletatik itzulita, Valtecsak hasiera esperantzagarria izan zuen, lehen ekintzetan entsegu batean puntuak lortu, eta Belenos bere zelaian eduki baitzuen lehen konpasetan; baina minutuak pasa ahala, lehen aldian izandako gidoia errepikatu zen.

Valtecsak baloiari eustea eta ekintza estatikoetan aurkaria berriro gainditzea lortu bazuen ere, ezin izan zuen markagailuko aldea berdindu, aurkariak bere mailari eutsi eta ondo asmatu baitzuen jokoan.

Bilbotarren irudi ona, 33-63 galdu arren, fase askotan berdinetik berdinera aritu baitziren goragoko mailakoa den aurkariarekin, argi utziz zergatik sailkatu diren igoera-faserako.

Datorren larunbatean, Valtecsak Eibar hartuko du etxean, duela bi jardunaldi bertan behera geratutako partida jokatzeko. Bilbotarrek argi dute partida hori irabazi behar dutela, bigarren faserako aldeko puntuak lortzeko.

Ohorezko B Maila – A Taldea — Valtecsa UBR 33 vs Pasek Belenos R.C 63

GORA UBR!!

 

(  Argazkiak: UBR – Alfredo Motaña  )