UBR taldeak ez du denbora askorik izan orain dela gutxi Asturias aldean Ferrol taldearen kontra lortutako garaipena dastatzeko. Izan ere, igoera lortu eta zortzi egunera, Fangokoek Zarautzera joan beharko dute, Ohorezko B Mailan parte hartzeari ekiteko.
Gipuzkoako taldeak eskarmentu handia du Estatuko errugbiko bigarren kategorian, eta ez da talde samurra, UBRk kategoria berrian egingo duen bidearen hasieran. Inork ez zuen esan hau erraza izango zenik!
Zarautzek seigarren postuan amaitu zuen aurreko denboraldia bere multzoan, eta lehiaketari hasiera ona emateko gogoz iritsiko da partida honetara. Hala ere, badaki Universitario taldearen kontrako partida ez dela gozoa izango, bizkaitarrek maila altuko jokoa erakutsi baitzuten Ferrolen aurrean. Beraz, kategoriara iritsi berriak izan arren, ez da talde erraza izango.
Aldaketa gutxi Asti-koentzat denboraldi berrian, plantilla gehienak aurrera jarraitzen baitu, eta hiru jokalari berri baizik ez baita sartu kurtso berri honetan.
UBR taldeak baja garrantzitsu batzuekin ekingo dio lehiaketari partida honetan, baina ilusio handiz, joko ona egin eta arerioari garaipena zailtzeko gogoz, eta Zarautzen borrokatuta sailkapeneko lehenengo puntuak lortzeko asmoz.
Hemen dugu, Ohorezko B Dibisioak ateak zabaldu dizkio UBR taldeari. Igandean, Fede eta Torronen jokalariek kategoria berriari ekingo diote, Bilboko taldea hor finkatzeko eta handitzen jarraitzeko xedez.
Gora UBR!
1. Jardunaldia: Ohorezko B Maila -“A Taldea”.
Irailak 15, igandea. 12:00 – Zarautz (Gipuzkoa).