16 urtez eta 18 urtez azpikoen denboraldiko azken neurketa. Errekalde eta Altamira zelaietan itxi zuten bi taldeek 2020-21 denboraldia.

Emaitza bera lortu zuten bi taldeek, Getxoren eta Ordiziaren aurkako porrot banarekin. Markagailu horiek ez dute, ordea, hain urte zailean egindako lana itxuragabetu; aski ezaguna den egoeraren eraginez, oso zaila izan da egoki entrenatzea eta norgehiagokak prestatzea.

Hori guztia kontuan izanda, bi taldeetan osatutako urteari balio handiagoa eman behar diogu, ongi eginekin eta akatsekin, baina talde horietan konpromisoa egiazkoa izan da, eta bi multzoetako balio bihurtu da.

Minutu bateko isilunea izan zen bi zelaietan, Aitor Jauregi Bilbao Unibertsitateko presidentearen aita hil zelako. Eskerrak eman nahi dizkiegu atzo zelaian gurekin batera aritu ziren taldeei, Getxo eta Ordizia taldeei.

                                                 Universitario Bilbao Rugby vs Getxo R.T

                                                                      Ordizia R.E vs Universitario Bilbao Rugby

 

Uni Bilbao eta Getxo (16 urtez azpikoak) taldeen arteko derbiarekin hasi zen larunbat goizeko jardunaldia Fangon.

Neurketa etxekoen alde hasi zen entsegu goiztiar batekin; bazirudien hasiera batean aldeko bidea markatuko zuela, baina minutuak aurrera joan ahala nabarmendu zen ez zela horrela izango.

Pixkanaka-pixkanaka Getxok hartu zuen norgehiagokaren zama, aurrera egitea lortuz, etxekoen marka-lerroa inguratuta. Etxeko taldeak defentsan erasoaldiak geldituz egindako lan bikainari esker, bisitarien lan onak ez zuen eraginik izan, baina atsedenaldirako 10 minutu falta zirenean, Getxok defentsa urratzea lortu zuen, eta partida bere aldera eramaten hasi zen.

Aldageletara joateko minutu gutxi falta zirenean, bilbotarren 10 zenbakia kanporatu egin zuten txartel horia aterata, eta kostaldekoek nagusitasuna baliatu zuten puntu batzuk lortzeko, bai lehen zatiaren amaieran eta bai bigarren zatia hasitakoan.

 

Bigarren denboran bisitariak nagusi izan ziren, baina etxeko jokalariek ez zuten amore eman, lanean jarraitu zuten, aurkariak fisikoki indartsuagoak izan arren, eta jokaldi ederrak egin zituzten defentsan nahiz erasoan.

Kemenez eta gogoz, ez zuten etsi bilbotarrek, eta, azkenean, entsegu bat egitea lortu zuten; partidaren amaieran, markagailua 12-36koa izan zen.

 

Bestalde, 18 urtez azpikoek Altamirako berdegunean jokatu zuten arratsaldean.

Agur kutsuko norgehiagoka izan zen batzuentzat, datorren urtean Gizonezko seniorrera jauzi egingo duen multzo zabal baten azkena izan baitzen.

Ordizia REk irabazi zuen, egindako jokoa aztertuta emaitza engainagarria izan arren.

Uni Bilbao bajekin iritsi zen Ordiziara, jokalari kopuru mugatua aurkeztu zuen, eta egoera horrek eragin handia izan zuen bigarren zatian, izan ere, aurkariak, aldaketa gehiagorekin, bilbotarrak gainditzeko eta lehia bere aldera eramateko aukera izan baitzuen.

Baina Altamirako hitzordura talde mugatuarekin joateaz gain, Zuazolarenek zenbait lesio izan zituzten norgehiagokan zehar, eta egoera horrek are zailago bihurtu zuen partida.

 

Hala eta guztiz ere, ezbeharrek ez zuten taldearen ilusioa eta lan ona zapuztu ahal izan, ekinean jarraitu zuten, eguneko ustekabeak gaindituz. Dena den, nahiz eta gogoak arazoak estali zituen, arauzko denboraren bukaeran markagailuan Ordiziaren aldeko emaitza ageri zen: 22 eta 7.

Hurrengo urtean jauzia egingo dutenak ezin izan ziren garaipenez agurtu, baina txalo zaparrada batekin eta taldekideen eta klubeko gainerako kideen esker onarekin agurtu zituzten, nola zelaian, hala urrutitik.

Eskerrik asko zuen lanagatik, ilusioagatik eta une on nahiz txarretan egoki jokatzen jakiteagatik. Eta, batez ere, guri UBR eskolan zuek hazten ikusten uzteagatik.

Zorte on datorren denboraldian hasiko duzuen etapa berrian:

Aketza , Txingu , Joni, Unax, Perla, Eneko, Uri, Telmo , Robles , Olaba , Marti, Egoitz , Arberas , Dani, Mateo y Guille.

 

GORA UBR!!