“B“ Ohorezko Mailara Igotzeko Fasea.

Maiatzak 25, larunbata. 19:00. / Oviedo – El Naranco rugby-zelaia.

“A” Taldeko finalaurrekoak. Itzulerako Partida.

“B” Ohorezko Mailara igotzeko finalaurrekoetako itzulerako partida, UBRk gutxieneko abantaila izanda lehiatuko duena. Bilbotarrek aurkariek baino puntu bat gehiago besterik ez dute, Fangon 12 eta 11 nagusitu ostean.

Fede eta Torronen taldekoak baja garrantzitsuren batekin iritsiko dira Asturiasko hitzordura, baina Oviedokoekin buruz buru lehiatzeko bermeekin. Bizkaitarrek, joanerako partidan, zer-nolako maila eta grina dituzten erakutsi zuten: gai izan ziren atsedenaldian markagailuan ageri zen 0-11ri buelta emateko, eta, azkenean, norgehiagoka irabazi zuten, beren lehen match ball-ean. Horixe izan zen Oviedo Rugby taldeak denboraldi honetan galdu zuen lehenengo partida.

Oviedok, igotzeko hautagairik garbienak, ondotxo daki orain arteko jokoa alferrikakoa dela, kanporaketa irabazi ezean. Hori dela eta, Fortearen mutilak denak emanda aterako dira zelaira, egoera iraultzeko eta Finalean izatea lortzeko.

Uni Bilbao konplexurik gabe aterako da joko-eremura. Izan ere, taldekideek urte osoan erakutsi dute zer-nolako gaitasuna duten sakrifiziorako eta etengabe hobetzeko; asturiarrek horren fede eman dezakete. Zalantza barik, gakoa izango da hasiera-hasieratik kontzentratuta jokatzea, aurkariari ezer ez oparitzeko, eta funtsezkoa izango da, halaber, baloia denbora gehiagoz izatea eta lerroak ixtea, etxekoek beren jokoa behar bezala egin ez dezaten.

UBRk, esan bezala, abantaila txikia du, baina aparteko bultzada izango da aldeari eusteko.  

Oviedok, ostera, talde sendo eta ondo prestatuak, kontrakoa nahi izango du, alegia, bilbotarrak garaitu. Hortaz, larunbat honetako talka bizia izango da, talde bateko eta besteko jokalariak besteei nagusitzen, markagailuan aurretik joaten eta kanporaketa irabazten ahaleginduko baitira.

Uniko jokalariak ez dira bakarrik egongo El Narancon. Izan ere, klubak autobusak antolatuko ditu taldearen ondoan egon nahi duten zale guztiek partida ikustera joateko eta jokalariak animatzeko aukera izan dezaten.

GORA UBR!!