Denboraldia orain dela aste batzuk amaitu zen, baina klubak lanean jarraitzen du. Aurki kargu berrian hasiko den pertsonetako batek denbora puska bat eman du dagoeneko laneko lerroak marrazten, abuztuaren batean ekingo baitio eginkizun berriari. Beñat Lavin, prestatzaile fisikoko lanetan jarraitzeaz gain, Universitario taldeko kirol-zuzendari berria izango da.

Zeregin horretan, Beñatek gure klubak nahi duen jauzia egitea izango du gogoan, hala kirol-arloan, nola beste arlo batzuetan, UBR taldeak merezi duen lekuan egon ahal izan dezan.

Aurkeztu zeure burua ezagutzen ez zaituzten horiei. ¿Nor da Beñat Lavin?

Beñat Lavin Algortako gazte bat da, 27 urtekoa, bi hamarkadatik gora daramatzana errugbiari lotura. Txiki-txikitan hasi nintzen errugbian jokatzen, eta kirol honekiko grina piztu zitzaidan pixkanaka.

Getxo taldean jokatu dut ohorezko dibisioan, eta orain dela hiru denboraldi amaitu nuen jokalari-aldia Ferrolen. Estatuko selekzioan ere egon nintzen 18 urte eta 19 urte azpiko mailen Europako txapelketetan, Italian eta Errumanian, hurrenez hurren.

Behe mailetako taldeak entrenatzen hasi nintzen karrera egiten nuen bitartean. Asko gozatu izan dut horrekin beti, eta benetan nirea hori zela ikusi dut, poza ematen baitzidan besteei garatzeko laguntza ematea eta errugbiak niri emandakoa besteei itzultzea. Niretzat izugarria da entrenatu ditudan jokalariak irabazten ikustea.

Titulazioari dagokionez, Jarduera Fisiko eta Kiroleko Zientziak ikasi nituen Gasteizko Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean, eta, gero, irakasleentzako prestakuntzako masterra egin nuen.

Ikasketak amaitu ondoren, urtebetez joan nintzen Galiziara bizitzera, beti izan baitut jakin-mina errugbia hiri, klub eta kultura desberdinetan bizitzeko. Ferrolen emandako urte horretan, nire karreraz hausnartu nuen. Bi aukera nituen: jokatzen jarraitu, baina gogoko ez nuen zerbaitetan lan egin; edo botak zintzilikatzeko erabakia hartu, eta nire lan profesionala errugbiaren entrenamenduarekin eta prestakuntza fisikoarekin uztartu. Gaur egun, ez zait behin ere damutzen hartutako erabakia; badakit jokatzea bezalakorik ez dagoela, baina argi dut zer lortu nahi dudan. Hobe da ahalik eta arinen hastea prestatzen eta esperientzia hartzen.

Galiziatik itzultzean, Getxon entrenatzen hasi nintzen, hain zuzen, emakumeen taldea; eta, lan horrekin batera, klubeko prestatzaile fisiko gisa hasi nintzen.

Aldi hura amaitu ondoren, prestatzaile fisiko lanetan aritu nintzen UBR taldean, 2018-19 denboraldian.

Esperientzia bikaina izan da orain arte; jendeak laguntzen eta maite nauela sentitzen dut, tradizio handiko benetako klub bateko giroan. Are gehiago, eskerrak eman behar ditut; aintzat hartu nautela sentitzen dut, kirol-zuzendaria izateko aukera eman didatelako.

Kirol-zuzendariak dituen eginkizunak zein diren ez dakitenentzat, zein da zure zeregina postu horretan?

Lehen urratsa da “UBR Kirol Proiektua” prestatzea, epe desberdinak izango dituzten helburuekin. Kirolaren etorkizuna oro har hartuta, maila guztietan.

Horretarako, elkarlanean arituko gara, entrenatzaileak koordinatuta, lanerako egitura eta metodologia bateratua ezartzeko. Entrenamenduaren helburuak eta lan-ildoak bilduko ditugu “UBR jokalariaren prestakuntza-planean”, maila bakoitzaren prestakuntzako aldiaren arabera.

Bestetik, ezinbestekoa da klubaren filosofia eta jokatzeko dugun identitatea maila guztietan bateratzea, hala senior taldeetan nola oinarrizkoetan. Zorionez urtez urte antzeko profilak dituzten jokalarien belaunaldiak aurkitzen ditugu sistematikoki. Helburua da jokatzeko berezko identitatea sortzea, sendoa eta egonkorra taldeen artean, gure jokalarien alderik onena ateratzeko, eta denboran barrena finkatzeko, tradizioz klubean izan dugun ezaugarria aintzat hartuta.

Ideia eta helburu horiek guztiak aurrera ateratzeko, inportanteena zera izango da: klubaren kirol-organigramako giza kapitala antolatzea, koordinatzea eta batez ere buru izatea, hau da, entrenatzaileak, monitoreak, boluntarioak, delegatuak, jokalariak eta talde bakoitzaren inguruan dagoena. Esate baterako, neuk era aktiboan parte hartuko dut klubeko talde guztietako entrenatzaileek egiten duten lanaren kontrolean eta jarraipenean.

Maila desberdinetako lan-ildoak bateratzeko beharra aipatu duzu. Urte honetan ikusi dugunez, hasi dira harrobiko emaitzak agertzen. Nola ikusten duzu haren etorkizuna?

Gure oinarria asko handitu da denbora gutxian, eta, orain, gehiago handitzen jarraitu behar dugu, kopuruan eta batez ere kalitatean. Esaterako, entrenamenduak hobetu behar ditugu, eta horretan ari gara lanean; prestakuntzako ingurune dibertigarria eskaini nahi diegu haurrei. Harrobiko klub bat gara, etxeko jendearena; eta errugbia ikusteko dugun eraren eta gure klubaren alde egin behar dugu.

Gizonezkoen senior taldeari dagokionez, zer uste duzu datorren denboraldiaz?

Senior taldeak, hala gizonezkoenak nola emakumezkoenak, asko handitu dira joan den denboraldian; izugarria izan da jokalari batzuek hilabete gutxi batzuetan izan duten bilakaera.

Lehen taldean, erronka polita dugu aurrean: aurki ohorezko dibisiora igotzeko playoff-a izango dugu Ferrolen kontra, eta, lehen txanda gaindituz gero, ziurrena Durangoren kontra. Joan den denboraldian, ezin izan genuen helburua lortu, baina errugbiak bigarren aukera hau eskaini dugu, eta ez dugu alde egiten utziko.

Senior taldeetako entrenatzaileen staff-arekin jarraituko dugu (Fede, Torron, “Pilingi”, Unai eta “Aluminio”), eta Iñaki Madariaga “Bermeo” hasiko da ¾ eta mele erdiko berariazko entrenamenduko lanetan. Joan den denboraldiko jokalariak eta lan-oinarriak ditugu, baina ondo dakigu alderdi batzuk hobetu behar ditugula: entrenamenduak, lan-metodologia, joko-ideia. Alderdi horietan erantzukizun gehiago hartuko dut, kirol-zuzendari gisa, ondo bermatu behar baitugu ingurune erakargarria eskaintzen dugula UBR senior taldeko jokalariak garapenarekin aurrera egin dezan.

Helburua da mailaz igotzea eta paper ona jokatzea, disfrutatzea eta denboraldiaren amaieran lana ondo eginda edukitzea, kategoriari eutsi ahal izateko. Alabaina, hori lortzeko, orain hasi behar dugu entrenatzen, denboraldi-aurre ona egin, eta ondo prestatuta iritsi igotzeko fasera, abuztuaren bukaeran. Mezu argia jokalarientzat: ostegun honetan hasiko gara lanean, uztailaren 18an; ondo dakigu uda dela eta oporrak datozela, baina denboraldi-aurreko ahaleginak mereziko du.

Beraz, ekiteko gogo handiz, zorte ona izan zure lan berrian.

GORA UBR!!