Valtecsa UBR “B” taldeak Durangoren aurka irabazita hasi du urte berria, eta, horri esker, Euskal Ligan daraman bide onean jarraituko du.
Lehen zatian, Bilboko taldeak aurkaria menderatu zuen jokoaren arlo guztietan. Hori baliatuta, atsedenaldira bere aldeko emaitzarekin iritsi zen, bigarren denborari baikortasunez ekin ahal izateko moduan.
Argazkia: Luis Ituzrrioz
Alabaina, lehen berrogei minutuetan bisitariak soropilean nagusi izan baziren ere, aldageletatik itzuleran partidako gidoia aldatu egin zen.
Durango indartzen hasi zen, norgehiagokako agintea hartzen, aldi berean Valtecsari bere jokoa egitea eragotziz; hala, lortu egin zuten aldeak murriztea, bai eta aurretik jartzea ere, azken txistua jotzeko hamahiru minutu falta zirenean.
Argazkia: Luis Iturrioz
Baina bilbotarrek argi zeukaten ez zutela lehenagoko minutuetan egindako lan ona errekara botako, eta talde-kalitateko jokaldi batean, markatik obalatua bikain mugitzea baliatuta, entsegua lortu zuten; horri esker, berriro ere aurretik jarri ziren markagailuan, amaierarako lau minuturen faltan.
Markagailu hori oso ondo defendatu zuten bisitariek azken minutuetan, eta 20-26ko garaipena eskuratu, Euskal Ligan bide onean jarraitzeko aukera eman diena.
Nabarmentzekoa da Durangora joandako jokalari guztiek parte hartu zutela Arripausuetako lehian.
Ligako atseden eguna izango da datorren asteburuan, eta Valtecsa urtarrilaren 22-23ko asteburuan itzuliko da lehiaketara, multzoko bigarren itzuliaren hasierako neurketa La Únicaren aurka jokatzeko; urrian jokatutako ligako lehen partidan talde horrek irabazi egin zion Barbariansi.
Gizonezkoen I.Euskal Liga – Durango RT 20 vs Valtecsa UBR “B” 26
GORA UBR!!
(Argazkiak: Luis Iturrioz)