Aurrekoan esan genuenez, Universitario taldeak amets egiteko lizentzia zuen, eta halaxe izan zen.

Bilboko jokalariek lortu zuten garaipena, azken segundora arte  zabalik egon zen partiduan, bi lehiatzaileetatik edozeinek eskuratzeko moduan. Universitariok ametsezko hogei minutu izan zituen, baina, horren ondoren, erabat deskonektatu zuen, eta egindako lana karel gainetik botatzekotan egon zen ia.

Oviedo taldea erabakitasunez jokatzen hasi zuen partidua, bilbotarren entsegu-lerroraino eramanez baloia aurreneko uneetan, atzelariei esker; eta laugarren minuturako lortu zituen lehen tantoak.

(Argazkia: Solo Rugby desde Asturias)

Oviedoko horrela atera arren, UBR ez zen lekuz kanpo geratu; are gehiago, horrek haizea eman zion taldeari. Ordutik aurrera, Fede eta Torronen jokalariak Narancoz jabetu ziren, eta lau entsegu egin zituzten 14 minutuan. Lehen aldiko erdialdea igarota, 5-26 emaitza zegoen markagailuan.

Alabaina, orduantxe itzali zen bilbotarren jokoa.

Oviedo taldeko entrenatzaileak fitxak aldatu, eta hiru aurrelari ordezkatu zituen; eta ordezkapen horiek emaitza ona izan zuten, inondik ere. Hala, Oviedokoak erabat nagusitu ziren, eta tartea laburtu ahal izan zuten markagailuan, 18-26 emaitzarekin joan baitziren atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, Oviedo taldea suminduta atera zen, UBR artean galdurik zebilela.

Bilboko jokalariak indargabe zeuden asturiarren oldarraren aurrean; eta, gainera, Thorsten-i txartel horia atera, eta partidutik kanporatu zuten. Oviedok ondo baliatu zuen aukera hori markagailua iraultzeko, 32-26 emaitza jarriz 56. minutuan.

(Argazkia: Solo Rugby desde Asturias)

Lehenago asturiarrei aldaketak ondo atera zitzaizkien, eta beste horrenbeste gertatu zitzaion Fede eta Torronen taldeari. Fitxa mugitu, eta aurrelari pisutsuagoak jarri zituzten zelaian, taldea erasora bultzatzeko eta asturiarren aurrerapenak galarazteko asmoz.

Ordutik aurrera, bilbotarrek joko bikaina egin zuten, eta, zenbait jokaldi korapilatuz, zelaia bereganatzen hasi ziren. Partiduko 75. minutuan De Klerk-ek entsegu bat gauzatu zuen, eta puntu batera jarri zuen UBR taldea; eta, azken unetan, Hegoafrikako jokalariak berak lortu zuen azken puntua, bizkaitarrak markagailuan aurrean jarri zituena, 32-33 emaitzarekin.

Hortaz, ondo landutako garaipena lortu zuen UBRk Oviedon, eta, horri esker, Errekaldekoek ildo onetik jarraitzen dute, sailkapen-taulako seigarren postuan.

(Argazkia: Solo Rugby desde Asturias)

 

GORA UBR!!

Real Oviedo Rugby 32 vs Universitario Bilbao Rugby 33 

Ohorezko B Maila – 7 Jardunaldia.