UBR taldeak Gaztediren aurka galdu du. Aurkariek ondo aprobetxatu zituzten bilbotarren ziurgabetasunak, jokoaren jabe izan ziren eta oso puntu baliotsuak lortu zituzten horrela.

Bertakoak topera irten ziren, aurrelarien erasoa aprobetxatu nahian. Bilbotarrek presioari ihes egitea lortu zuten, nolabait.

Hasieran, Universitariok hartu zuen aurrea, zigor-kolpe baten bidez, eta bertakoek laster aurkitu zuten erantzuteko modua, Stoffels joko-zabaltzaileari esker; izan ere, gaur egun taldeko jokalari onena den hegoafrikar horrek partidako lehen entsegua burutzea lortu zuen. 

Gutxi iraun zuen bertakoen pozak, ordea; izan ere, bilbotarrek konbinazio polita egitea lortu zuten eta Igor Huergak entsegu batekin burutu zuen jokaldia, Gaztediren defentsa ezustean harrapatuta.

Lehenengo hogei minutuetan, beraz, Universitariok partida bere alde izan zuen.

Beste kolpe batekin, Fangokoek aurrea hartu zuten, 5 eta 11ko puntuazioa ezarriz. Baina minutu gutxiren buruan, egoerak buelta eman zuen.

Universitarioko kideek erritmoa galdu zuten, eta aukerak eman zizkieten Beltránen gizonei. Horiek, noski, ondo baliatu zituzten. Gaztediko 10 zenbakiari esker hartu zuten aurrea etxekoek, entsegu eta transformazioaren bidez.

Lehen zatiko azken minutuetan, Bilbo ez zebilen oso fin esku-jokoan, bai ordea baloia oinarekin erabiltzeko ekintzetan, eta puntuak igo zituen zigor-kolpe bidez; Gaztedik, bestalde, bisitarien ziurgabetasunak baliatu zituen aurrea hartzeko eta atsedenaldira 19 eta 17ko aldeko emaitzarekin heltzeko.

Bigarren zatian talde biek ekin zioten gogor defentsari, baloia posizio onean kokatu nahian, baina ez batzuek ez besteek ez zuten ezer lortu.

Bizkaitarren defentsak hobera egin zuen, eta arabarren igoera eten zuten.

Baina partida final baten modukoa zen Gaztedirentzat, beraz, aurrelariak intentsitate handiz hasi ziren igotzen, bilbotarren defentsa hautsiz, eta Beristainek entsegu bat egin zuen, jokaldi bikain baten ostean.

Beste zigor-kolpe baten ondorioz, 27 eta 17ko puntuazioa ezarri zen markagailuan. Partidaren akabera izango zela ematen zuen.

Hogei minutu zituzten aurretik, eta bizkaitarrek jokalariak aldaketak egin zituzten, bai taktika kontuengatik, baita arrazoi fisikoengatik ere.

Bilbotarrak markagailua aldatzen saiatu ziren, baina akatsek ez zieten utzi.

Azken unean egindako entsegu baten bidez, behintzat, puntu bat lortu zuten defentsa bonusagatik. Liga nola dabilen ikusita, ondo etorriko zaie.

Partidaren amaiera: 27 eta 22ko puntuazioa, Gaztediren alde. Garaipen hau arnasaldi bat izan da gasteiztarrentzat.

Datorren asteburuan geldialdi bat izango da ligan. Hamabost egun barru Oviedo izango dugu Fangon aurkari, eta horrek ere puntuak lortzeko beharrizan handia dauka.

Esconsu Gaztedi RT 27 vs Universitario Bilbao Rugby 22

17. Jardunaldia. Ohorezko B Maila.

Argazkiak: UBR – Ibon Sáenz de Olozagoitia.

GORA UBR!!