Errekaldeko kiroldegian jokatuko da larunbat honetan seigarren jardunaldiko partida atzeratua. Valtecsa “B”k eta Iparraldeko taldeak otsaila amaieran jokatu behar zuten, baina beste partida batzuk bezala, bertan behera utzi behar izan zuten, zoritxarrez, aspaldi honetan dugun egoerak hartaratuta.

Iparraldeko taldea bigarren postuan helduko da Bilbora, baina liderrak baino bi partida gutxiagorekin, eta jokatutako bost partidetan garaipenak lortuta. Horrek argi eta garbi ematen du aditzera zein den aurkariaren maila.

Sarako Izarra talde zorrotza eta eraginkorra da, baloia mugitzean joko azkarra duena.

Uni Bilbao eta Izarra 2018-19 denboraldian baino ez dira aritu elkarren aurka, eta, hain zuzen, denboraldi horretan, Iparraldekoak 1. Euskal Mailara igo ziren, eta bilbotarrak mendean hartu zituzten jokatutako bi partidetan.

Bizkaitarren aulkian ondo dakite garaipena lortzea ez dela batere erraza izango, eta aurkaria faboritoa dela, baina baikortasunari eta sentsazio onei esker ilusioz joango dira Fangora.

Hala ere, badakite jokoan dauden puntuak eskuratzea ez dela batere erraza izango, eta, hori lortzeko, hasiera-hasieratik kontzentratuta ibili beharko dutela, ahalik eta akatsik gutxien eta txikienak egiten saiatu eta erasoan aukerak aprobetxatu.

Egungo osasun-egoera dela-eta, partida ateak itxita izango da, eta UBR-ren Youtubeko kanaletik zuzenean jarraitu ahal izango da.

GORA UBR!

 

(Argazkia: Pedro Moreno)