Valtecsa UBR-k igande honetan ekingo dio lehiaketaren azken txanpari. Hiru jardunaldi baizik ez dira geratzen Universitario Bilbao Rugbyk denboraldia amai dezan, eta dena irekita dago oraindik. Izan ere, sailkapenaren erdialde eta behealdean berdintasuna dago, eta, beraz, edozer gerta daiteke, estropezu bat eginez gero, litekeena da larrutik ordaintzea.
Txapelketaren azken zati hau hasteko, bilbotarrek aurkari garrantzitsua izango dute igande honetan, Valtecsak gure errugbiko talde historikoetako bat hartuko baitu Errekaldeko errugbi-zelaian.
Hernani taldeak gertu izan zuen denboraldi honetan Ohorezko Mailara igotzeko borrokan ari den multzoko hirukotean egotea, eta laugarren postua lortu zuen denboraldiaren lehen zatiaren amaieran. Horren ondorioz, nabarmendu egin da bigarren fase honetan eta du partidarik galdu.
Anoetako zelaian jokatutako lehen itzuliko partidan — Landare Tokiko zelaia egoera txarrean baitzegoen urte amaieran izandako uholdeen ondorioz—, Hernanik mendean hartu zuen Valtecsa. Partida horretan bilbotarrek aurre egin zieten gipuzkoarrei, baina zuri-gorriek une jakin batzuetan egindako akatsen ondorioz hernaniarrek aukera izan zuten lehia irabazteko.
Partida zaila du Uni Bilbaok igande honetan, baina ez ezinezkoa. Izan ere, Valtecsa gai da edozein aurkari gainditzeko, beste batzuetan erakutsi duen bezala.
Valtecsak azken partidak irabazi ditu, eta igande honetan bide onetik jarraitzen saiatuko da, Hernaniren aurka borroka eginez.
Ahalik eta akats gutxien egitea aurkariak probetxurik atera ez dezan, eta kontzentrazioari eta intentsitateari eustea hasierako txistutik, aurkariak bere jokoa egin ez dezan; horra hor gakoak Valtecsak lehian aldeko emaitza izan dezan igandean Errekalden.