Errekaldeko errugbi-zelaian, bi taldeentzat —bai zelaiko, bai harmailetakoentzat— interes handia izango duen partida jokatuko da larunbat arratsaldean. Izan ere, 21-22 denboraldiko txapelduna aterako da hortik eta Estatuko mailara igotzeko borrokan aritzeko saria ere bai.

 

Arabako Vithas Gaztedi taldea lehenengoa da sailkapenean eta bost puntuko aldea du bilbotarrekiko; beraz, partida galduta ere, defentsako bonusa eskuratzearekin aski izango du ligako irabazle izateko.

 

Gaztedik Uni Bilbao hartu zuen mendean joaneko partidan, ligako lehen jardunaldian. Gero, maila handiko hainbat jokalari sartu ditu plantillan otsailean, eta horrek plus bat eman die gasteiztarrei, azken partidetan ikusi den bezala.

 

Universitario taldeak bajak izan ditu eta ditu plantillan denboraldi honetan; beraz, badaki erronka zaila izango dela. Alabaina, hilabete hauetan ederki frogatu dute duintasuna eta gaitasuna dutela sakrifiziorako eta ezbehar guztiak gainditzeko. Aurreko jardunaldian argi erakutsi zuten, Nafarroako La Únicaren aurka jokatutako partida bizia irabaztea lortu baitzuten.

 

Jokalariek talka fisikoari egin beharko diote aurre, eta, gainera, ondo asmatu beharko dute urduritasuna kontrolatzen, garaipena lortzeak saria izango baitu. Hori dela-eta, etxekoak garaipena lortzen saiatuko dira, eta ikusiko dute, baldintzatzaile ugari tartean egonda ere, ea aukera dagoen denboraldia sailkapenaren goialdean amaitzeko.

 

Intentsitatea hasierako txistutik, ahalik eta akats gutxien egiten saiatzea aurkariak aprobetxatu ez ditzan, eta urduritasuna kontrolatzea; horra hor partida honetako gakoak garaipena etxean gera dadin.

 

Denboraldi bikaina izan da Uni Bilbaorena, partida irabazi edo galdu. Lehia zirraragarria izango da eta Bilboko zaleak jokalarien ondoan egongo dira.

 

Partida urtarrilaren 7/8ko asteburuan jokatu behar zen, eta opari bikaina izango da garaile ateratzen den taldearentzat.

 

Emakumezkoen 1. Euskal Lig. Universitario Bilbao Rugby  vs Vithas Gaztedi RT
Errekaldeko Kiroldegia / Bilbao. 16:00etan
GORA UBR!!