Artez Euskara Zerbitzuak Universitario Bilbao Rugby taldearen kolaboratzaile familiarekin bat egin du.

Aitor Jauregik, UBR taldeko presidentea, eta Leire Solozabalek, Artez Euskara Zerbitzua enpresako gerentea, lankidetza-akordio bat sinatu dute ostegun honetan, 2019ko azaroaren 7an, Artezek Deustun daukan egoitzan. Kirol urte honetarako akordioa izango da, aurrera begira luzatzeko aukerarekin.

Artezek hogeita hamar urteko esperientzia dauka itzulpengintzan eta hizkuntza normalkuntzaren munduan, eta kirol erakunde, enpresa pribatu zein erakunde publikoentzat lan egiten du. Hemendik aurrera gurekin arituko da, webgunerako, sare sozialetarako zein klubaren bestelako jardueretarako euskara zerbitzuak eskainiz.

UBR taldeak euskararen zabalkundean aurrera egiten jarraituko du Artezen eskutik, klubaren eremu guztietan, gizartearen parte den heinean.

Artez Euskara Zerbitzuak itzulpengintza eta e-learning baliabideak eskaintzen ditu hainbat hizkuntzatan, eta prestakuntza eta hizkuntza aholkularitza zerbitzuak euskaraz, bai enpresentzat, baita maila partikularrean ere.

Webgunearen bidez, artez.eus, eskaintzen dituzten zerbitzuen inguruko informazio osoa eskura dezakezue.

Ongi etorri Universitario Bilbao Rugby taldera.