Universitario Bilbaoren porrota, Kaleido Vigo taldearen aurrean. Galiziarrak partiduaren lehen minututik nagusitu ziren, jokaldiaren alderdi guztietan.

Etxekoek argi zuten gaurko talkak garrantzi handia zuela kategoriari eutsi ahal izateko. Hasierako txistua entzun zenetik ondo frogatu zuten hori, beren artilleria osoarekin gainditu baitzituzten bilbotarrak.

Galiziarren irteera distiratsuak ekintza gehienetan apurtu zuen Bilboko defentsa, eta markagailuan distantzia argia hartzea lortu zuten.

Bilbokoek egun txarra izan zuten defentsan, eta erasoan ere antzera ibili ziren. Punturen bat eskuratzeko izandako aukera urriak ez zituzten aprobetxatu, beren akatsengatik edo aurkariek geldiaraztea lortu zutelako.

Atsedenaldian, emaitzak argi eta garbi erakusten zuen zelaian zer gertatzen ari zen: 34-0.

Bigarren aldia lehen berrogei minutuen antzekoa izan zen. Vigo une oro iristen zen aurkarien marka-lerrora; eta Uni Bilbaok, berriz, nekez lortzen zuen etxekoen erasoei eustea.

Amaieran, markagailuak argi islatu zuen Vigoko Unibertsitatean talde bat nabarmen gailendu zela: 62-0.

Ahazteko moduko partidu honen ondoren, bizkaitarrek erabat aldatu beharko dute jokaera. Datorren astean Bera Bera taldeari egingo diote bisita; hitzordu garrantzitsua bi taldeentzat.

 

Kaleido Universidade de Vigo R.C. 62 Vs Universitario Bilbao Rugby 0

 19. Jardunaldia.  Ohorezko B  Maila. -” A Multzoa”.