Partida gogorra eta neketsua izan zen, bi taldeetako jarraitzaileak adi-adi eduki zituen telebista-pantailen aurrean, eta, azkenik, Valtecsa UBR taldearen garaipenarekin amaitu zen. Valtecsak lehen aldi bikaina egin zuen, baina sufritu egin zuen puntuak lortzeko.

Partidaren hasieran bi taldeek egoera aztertu, eta hutsuneak bilatu zituzten defentsa-lerroa zeharkatzeko. Valtecsa UBR lortu zuen lehenik, Piliak entsegu bat bihurtu ondoren.

Galiziako taldeak berehala erantzun zuen: Taljardek partidan lortutako hiru zigor-kolpeetako lehenengoan tantoa egin, eta 5-3 emaitza azaldu zen markagailuan.

Oraingoan ez zen aurreko lehietan bezala gertatu, Valtecsa UBR-k ez zuen arreta galdu aurkakoek puntuak lortu ondoren; aitzitik, zelaian nagusitzen hasi zen.

Touche eta melé guztietan nagusitzeaz gain, esku-joko bikaina egin zuen; Bilboko talde osoak ezkerreko hegaletik ekintza kolektibo handi bat egin ondoren, Zaratek entsegu bat lortu zuen.

Zubiarrainek entsegua bihurtu ondoren, 12-3 azaldu zen markagailuan, etxekoen joko onaren erakusgarri.

Ourense ezgauza sentitzen zen bizkaitarren aurrean, oinezko jokoarekin baizik ez zuen lortzen Valtecsa gainditzea. Beste ostiko baten bidez puntua lortu, eta 12-6 emaitza azaldu zen.

Aurkariak markagailuan hurbiltzea lortu bazuen ere, partidak antzera jarraitzen zuen, etxekoak nagusi ziren zelaiko alde guztietan.

Uni Bilbaoren igoera batean, defentsako ustekabeko ekintza batean, Guillermo Hernández galiziarra larri lesionatu zen, eta horrek atsekabeturik utzi zituen hala taldekoak nola aurkariak.

Partidari berriro ekin ondoren, nahasmendua izan zen zenbait unetan bi taldeengan. Ez zuten zentzuzko jokaldirik egiten ez batak ez besteak, eta oinezko jokoa baizik ez zuten egin, ika-mika arituz zenbait minutuz.

Denbora aurrera zihoan, eta Valtecsa berriro nagusitu zen partidan, baina nagusitasun hori ez zen islatzen emaitzetan, batetik beren akatsengatik, eta, bestetik, kontrakoen defentsak asmatzen zuelako.

Lehen berrogei minutuen amaieran, 12-6 puntuazioa zegoen markagailuan, baina gutxi ematen zuen Valtecsak zelaian egindako lan ona ikusita.

Aldageletatik itzuli ondoren, Ourensek kemenak berritu zituen, aurreko aldian ez bezala, nagusitzen eta obalatua menderatzen hasi zen, eta Lavinen jokalariak defentsa-lanean gogotik aritzera behartu zituen.

Bizkaitarren jokoan urduritasuna eta zehaztasunik eza azaldu ziren, ekintzak osatzea lortu ez eta bisitariei uzten zieten jokoa. Horiek hegaletatik ondo arituz eta igoeretan ziztuan jokatuz,  larri estutu zuten Uni Bilbao behin baino gehiagotan.

Baina Ourensek ez zuen obalatuaren mugimenduarekin ezer lortzen, oinarekin lortzen bazuen ere. Taljardek, berriz ere, hirugarren zigor-kolpea lortu zuen, 12-9 emaitza jarrita markagailuan, eta urduritasuna nagusitu zen etxekoen artean.

Bigarren aldiaren erdia igarota, Valtecsa galiziarren nagusitasuna mendean hartzen hasi zen, eta igoerak egin zituen hegaletatik, erasotzaileen merezimenduzko ekintzetan. Hala ere, partida amaitzeko hamabost minutu falta zirela, Zubiarrainek zigor-kolpe batean puntuak lortu zituen, eta 15-9 jarri zuen markagailuan.

Valtecsa jokoan nagusi bazen ere, bazirudien arerioak edozein igoeratan lortu ahal zituela puntuak, eta tentsio gehiago jarri berez tentsio handia zuen topaketari.

Bisitarien presioa eta arbitroen erabaki bitxi batzuk ikusita -bai talde batentzat, bai bestearentzat-, aulkian zeudenen azazkalak, urduriaren urduriz, gero eta motzago zeuden.

35. minutuan, txartel horia erakutsi zioten Bilboko 5. zenbakiko jokalariari, Joseba Hernándezi, eta taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Ourenseko taldearen presio handieneko uneetan.

Azken minutuetan galiziarrak oldar etengabean aritu ziren, baina Bilboko defentsa oso ondo egin zuen lan, zelaiko alde guztietan erasoak geldiaraziz.

Azkenik, 39. minutuan, Uni Bilbaoren eraso batean, drop baten bidez, Thorstenek urrezko puntuak igo zituen markagailura, eta behin betiko 18-9 emaitza jarri, bai eta etxeko zaleei alaitasunez jauzi egiteko aukera eman ere.

Lavinen jokalarien garaipena, landua eta sufritua. Sailkapen-taulan arnasa hartzeko aukera ematen die, eta hurrengo jardunaldiari adore gehiagoz ekiteko ere bai. Única RT izango da aurkakoa, multzoko azken sailkatua.

Valtecsa UBR 18 vs Campus Universitario Ourense RC 9 // 8. jardunaldia. Ohorezko B Maila – A Multzoa

GORA UBR!!