Denboraldiko bigarren derbia Valtecsa UBR taldearentzat, Uribealdearen aurka, Ardanzaseko instalazioetan. Zelai horretan, Valtecsa UBR ezin izan da gailendu Ohorezko B mailan egin dituen azken bi bisitetan, eta, asteburu honetan, egoera hori irauli, eta “hirugarrenean asmatu” nahi du.

Bilbotarrak beste itxura batekin joango dira hitzordura; izan ere, garaipenak dira adore emateko akuilurik onena. Aurreko jardunaldian Palenciaren aurka lortutako garaipena lagungarria izan da asteari modu hobean ekiteko eta, batez ere, derbira une ezin hobean eta kontuak argi edukita iristeko, ondo jakinik beste garaipen batek aukera emango lukeela lehiaketaren bigarren fasera egoera hobean iristeko.

 

Uribealdeak aurreko astean ez zuen partida jokatu Araban Gaztediren aurka, zelaian eta Gamarra aldean arazoak baitzeuden egun horietan izandako euriteen ondorioz. Hortaz, lehiatu gabe dago azaroaren 27tik, eta, orduan, seigarren jardunaldian, Belenosen aurkako partida galdu zuen etxean.

Eguzkilorearen taldea multzoko azken-aurreko postuan dago egun, bost porrotekin eta garaipen batekin. Palenciaren aurka lortu zuen garaipena bigarren jardunaldian, 17-24 irabazita.

Partida irekia eta zelaiko faboritorik gabekoa izango da; beraz, aukerak hobeto aprobetxatzen eta akats gutxiago egiten duen taldeak izango du aukera gehien puntuak eskuratzeko.

Ohorezko B Maila – A Multzoa – 8. Jardunaldia /  Uribealdea RKE vs Valtecsa UBR.

Ardanzas Park – Plentzia. Larunbata, abenduak 18. 16:00etan

 

GORA UBR!!