Gaur egungo egoera epidemiologikoak ligako txapelketa azpikoz gora jartzeaz gain, egun hauetako eurite gogorrek ere zelaiz aldatzeko beharra ekarri dute partida batzuetan. Hala gertatuko da larunbat honetan Valtecsak Hernaniren aurka jokatuko duen norgehiagokan; izan ere, Gipuzkoako taldearen zelaia, Landare Toki, ezin da inola ere erabili, jokalekua urez bete delako berriz.

 

Azken orduko aldaketarik ezean, Valtecsak Donostian egingo du salto berdegunera larunbat honetan, 2022ko lehen partida jokatzeko; izan ere, aurreko jardunaldian Eibarren aurka jokatu behar zuen norgehiagoka atzeratu egin zen Covid 19ak eragindako eragozpenen ondorioz.

 

Barandiaranen gizonek izango duten aurkaria gure errugbiko talde historikoa da, eta, denboraldi honetan, multzoko lehen hiru postuetan egon nahi du, Ohorezko Mailara igotzeko borrokan jardun ahal izateko. Izan ere, gaur egun, Hernaniko taldea laugarren postuan dago, lehen fasea ixteko bi jardunaldi falta direla, eta, beraz, larunbat honetako dueluak are garrantzi handiagoa du haientzat, lehian amore ematen badute, sailkapena zaildu egingo baitzaie.

 

Mini Estadiko norgehiagoka ez da soilik garrantzitsua Hernanirentzat. Izan ere, garaipenak bultzada morala emango lieke Valtecsako bizkaitarrei, eta azkenean gipuzkoarrak goiko multzoan ez badaude, puntu baliotsuak lortuko lituzkete bigarren itzuliari begira; beraz, bilbotarrak jakitun dira partidaren garrantziaz. 

 

Jardunaldi zaila, baina ez ezinezkoa, Uni Bilbao gai baita edozein aurkari gainditzeko, beste batzuetan erakutsi duen bezala.

 

Ohorezko B Maila – A Taldea / 10. Jardunaldia

Hernani C.R.E vs Valtecsa UBR

Mini Estadio Anoeta / Donostia–  Urtarrilak 15 – 16:00etan

GORA UBR!!