Bizkaitarren arteko derbya denboraldia bukatzeko: Uribealdea izango da Valtecsaren aurkaria 2021-22 denboraldiko azken partidan.

Uribealdeak ez zuen jokatu aurreko jardunaldian, atsedenaldia hartzea baitzegokion. Fase honetan sei partida jokatu ditu, eta guztira hiru garaipen eta hiru porrot izan ditu. Ondorioz, multzoko zazpigarren postuan dago.

Partidan helburu argia izango dute bi lehiakideek: garaipena. Izan ere, sailkapenean berdintasuna dagoenez, porrot batek airean utziko luke dena ligako azken egunerako, alegia, apirilaren 23-24ko astebururako. Aldiz, Valtecsak puntuak lortuz gero, dena konponduta joango litzateke oporretan. Beraz, larunbateko hitzordua, hilak 9, ondo markatuta dute etxeko jokalariek, ondotxo baitakite zein garrantzitsua den eta jokoan zer dagoen.

Uribealdea ez da aurkari erosoa, DHBn bi taldeen artean izan diren norgehiagoketan argi frogatu duenez. Egoera hori agerian geratu zen 1. faseko lehian, eguzkilorearen taldeak gertu izan baitzuen garaipena, azkenean Valtecsak eskuratu bazuen ere, azken ekintzan zigor-ostikada baten ondorioz puntuak lortu ondoren.

Partida irekia eta arerioa higatzekoa espero da larunbat honetan, faborito argirik ez baita. Beraz, bere jokoa inposatzen eta aukerak hobeto aprobetxatzen asmatzen duen taldeak lortuko ditu puntuak.

DHBren denboraldi-amaiera larunbat honetan Valtecsarentzat. Taldeak borroka egingo du, garaipena lortu eta zaleei eskaintzeko, denboraldi-amaieran aho-zapore onarekin gera daitezen, horiek beti bezala egongo baitira Fangon taldea bultzatzen.

 

Ohorezko B Maila – Valtecsa UBR vs Uribealdea RKE 
Errekaldeko Kiroldegia. Bilbo. 18:00etan
GORA UBR!!