Bilboko Udalak errugbian aritzeko espazioa eta zerbitzuak handituko ditu Errekaldeko Kiroldegian eta eraikin berria egindo du gaur egungo harmailen ondoan, hari jarraipena emanez eta altuera errespetatuz. Azpiegitura berriak 950 m2tik gorako azalera izango du guztira, solairu bitan banatuta.
Gainera, gaur egungo harmailaren azpian dauden aldagelak eta ur bero eta hotzeko igerilekuen eremua handituko dira.
Esku-hartze horretan dorretxo bat ere egingo da eta bertatik ikus-entzunezko grabazioak egin ahal izango dira, joko-zelaia baino altuago egongo baita. Dorre hori zelaiaren hegoaldean kokatuko da, harmailaren aurrean.
Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak gaur goizean aurkeztu du proiektua, Aitor Jauregi Universitario Bilbao Rugbyko presidentearekin eta klubaren ordezkari batekin batera. Urian kirol-modalitate horretako ordezkari bakarra da.
Errotetak azpimarratu duenez “obra horren bidez, udalak espazio eta zerbitzu gehiago ematen dizkio errugbiaren kirol-modalitateari. Modalitate horrek gero eta kirolari eta zaletu gehiago dauzka urian, eta Errekaldeko Kiroldegian dago Bilbon Europako partidak hartzeko homologatutako errugbi-zelai bakarra”.
Gainera, Erroteta zinegotziak gogorarazi du errugbia eta haren balioak sustatzea lehentasunezko 100 ekimenetako bat dela, bosgarren jardun-ildoaren barruan: kultura eta kirola, “errugbia gazteentzako balio positiboak sortzeko eta prestatzeko tresna gisa eta aisia osasungarriaren sustatzaile modura ulertuz, herritarren ongizatea eta osasuna hobetzen lagun dezakeena eta kategoria goreneko errugbi-talde bati laguntzeko beharrezkoa den oinarrizko egitura lor dezakeena”.
Lan horietarako aurrekontua 1.274.000 eurokoa da. Obrak 2023ko maiatzean hasiko direla aurreikusten da eta 8 hilabeteko iraupena izango dute.