UBRren porrota multzoko buru den Getxo Rugbyren aurrean. Badoren jokalarien garaipen sendoa Fangon.

Bizkaiko errugbiaren festa Errekaldeko zelaian, eta harmailak bi klubetako zalez beterik, giro ezin hobean. Alabaina, zelaian talde bakarra egon zen; kostaldekoak faboritotzat jotzen zituzten iragarpen guztiak bete ziren, argi eta garbi erakutsi baitzuten hori.

Getxotarren irteera apartekoa izan zen, erabat desegituratu baitzuen bilbotarren defentsa eta lehen uneetan hainbat arau-hauste egitera eraman baitzituen. Horren ondorioz, Van Staden-i txartel horia atera, eta kanporatu egin zuten. Egoera horretaz baliatu ziren bisitariak, bosgarren minutuan entsegua gauzatu ondoren aurretik jartzeko.

Getxo trumilka atera zenez, etxeko taldea nahastuta geratu zen, ez zuen jokaldiak modu egokian ehuntzea lortzen, soilik obalatuari ostikadak emanez aurreratu ahal zituzten lerroak. Bien bitartean, arerioak ondo aprobetxatu zituen aukerak, bere jokalarien lan onari esker, jokoaren arlo guztietan gainditzen baitzituzten gorrixkak.


Alde nabarmenarekin iritsi ziren atsedenaldira, 0 eta 24 emaitzarekin; horrek argi eta garbi adierazten zuen ermitan ordura arte talde batek erabat menderatu zuela jokoa, eta bestea, berriz, lekuz kanpo zegoela.

Jokalekura itzulitakoan, jokoa ez zen aldatu. Getxok eroso jokatzen jarraitu zuen, ia igoera guztietan lortzen zuen tantoa egitea, edo lortzekotan egoten zen bestela.

Bigarren aldiaren erdialdea igaro ondoren, bi entrenatzaileak aldaketak egiten hasi ziren beren taldeetan. Universitariok etekina atera zion egoera horri, gehiagotan eskuratu baitzuen obalatua, eta entsegu-lerrora iristea lortu baitzuen, nahiz eta gainditzea ez lortu.

Azken emaitzak, 0 eta 43, argi uzten du Fangon garaile argi bat izan zela.

Hurrengo jardunaldian, abenduaren 6an, Universitario Atxurizubira joango da, eta Uribealdea taldearekin neurtuko da bertan. Talde hori multzoko azken-aurreko postuan dago orain, eta jardunaldi honetan 35 eta 5 galdu du Zarautz RT taldearen aurrean.

 Gora UBR!!

Universitario Bilbao Rugby 0 vs Getxo Rugby 43.

Ohorezko B Maila – 10 Jardunaldia.

(Argazkiak- Jorge Morales).